AED, Txatxilipurdi eta Ekin elkarteok solasaldi ziklo bat antolatu dugu, “Txertoa.EUS: Euskalgintzaren erronkak COVID osteko agertokian” izenburupean, hurbildu nahi duten euskaltzaleekin eztabaidatzeko eta ideia zein iritzi trukaketa bat emateko asmoz.

COVID-19ak bete-betean gurutzatu du gure bizimodua, gizarteko eremu guztietara ondorioak ekarriz. Euskararen erabileran ere ez da salbuespenik eman eta euskalgintzak aurretik ere atzemanda zituen zenbait erronkari heltzeko urgentzia areagotu egin du. Solasaldi honetan erronka horietaz ariko gara, begirada etorkizunean jarriz, euskararen erabilera sustatzeko estrategikotzat jotzen diren eremuetan aurrera egiteko irtenbideak bilatu guran.

Etorkizunean, COVID garaian euskarak jasan duen utzikeria errepika ez dadin, euskaltzaleon indarrak batu ditzagun eta euskararen biziraupenerako txerto bilaka gaitezen.

Eutsi goiari eta eutsi euskarari!