TXAXIHAUSNARKETAK

Leire San Vicente (1988)  Gazte Txokoetako hezitzaileari elkarrizketa egin diogu. Hezkidetzaren inguruan egiten den lanketaren inguruan bere ikuspuntua zein den jakin nahi izan dugu.

Nerabeekin lanean zabiltza azken urteetan. Zer ikasi duzula esango zenuke?

Bost urte pasatxo daramatzat nerabeekin lanean eta egia esan, lan honi esker , gauza asko deskubritzeko eta ikasteko aukera izan dut maila pertsonalean zein profesionalean. Azken finean, egunero gaude nerabeekin hartu emanetan eta zuzeneko modu batean edo zeharkakoan (zeharkakoa diot, esku-hartze zuzena ez dagoenean gauza asko ikasten direlako), irakasle bilakatzen dira haiek zuretzat.

Pazientzia lantzen ikasi dut, sormen gaitasunak askatzen, porrotarekin elkarbizitzen, lotsak albo batera uzten , beldurrak ulertzen, komunikazio eraginkorrago bat eraikitzeko estrategiak garatzen. Talde lanean lan egiten, gatazkak kudeatzen, inprobisatzen, entzute aktiboa praktikatzen, nire burua behatzen… Horrenbeste gauza dira lan honi esker ikasi ditudanak!

Dena den, galdera honen haritik bada kontutxo bat azken aldian buruan daukadana eta horri esker ere asko ikasten nabilena. Pixkanaka pixkanaka, nerabezaro garaia hobeto ulertzen nabilela uste dut. Eta era berean, zergatik bilakatzen den guraso, tutore edo hezitzaile batentzat garai hau horren “zaila” kudeatzeko.

Ez dakit, gauza pila dira ikasi eta deskubritzen nabilenak egunero eta zaila egiten zait hiru parrafortan hori mamitzea. Hala ere, gauza bat argi daukat: gaur egun naizen hau, neurri haundi batean, lan honi esker dela. Beraz, eskerrik asko denoi, zinez.

 -Bagoaz denbora bat hezkidetza lantzen gaztetxokotan, Aditu ikastaroa egin zenuen. Bide onean al goaz?

Askotan pentsatzen dugu bide onetik goazela Gazte-Txokoetako helburu pedagogikotan (edota bestelako jardunetan) “hezkidetza” hitza azaltzen bada. Kontua da, ez dela nahiko helburuetan “hezkidetza” hitza azaltzearekin.

Gu horretaz konturatu ginen eta horregatik eskaini zidan Txatxilipurdik “Hezkidetzan Aditua” deritzon ikastaro trinkoan parte hartzeko aukera. Saio horietan, sei bat hilabetez egon ginen hezkidetzaz eta feminismoaz hausnartzen eta janzten. Eta guk, bertan ikasitakoa gure egitasmotan aplikatzen gabiltza.

Izan ere, aisialdian hezkidetza lantzeak lan kontziente bat dakar bere baitan: hezitzaileak bere burua behatzen ikasi behar du, hezitzaile taldeak bere jarduna aztertzen ikasi behar du (eta prest egon behar du horretarako), Gazte-txokoetan lortu nahi diren helburuak berdefinitzera jo behar da (horrekin batera, ekintzen izaera, ekintzen planifikazioa…) dena, ikuspegi hezkidetzaile batetik aztertu behar da. Zergatik? Berez ateratzen zaiguna, filtro barik, betaurreko morerik barik, ez delako hezkidetzailea (jendarte sexista batean sozializatuak gara!). Beraz, esan daiteke, gure lan-taldeak “des-ikasi” prozesu bat jarri duela martxan ekintza, harreman eta gune, parekideak eraikitzeko.

Honegatik guztiagatik, bide onetik goazela esango dut. Gustu handiz gainera. Lan handia dago egiteko oraindik, baina bide onetik goaz. Dena den, beldurra daukat, gure lan orduak mugatuak dinerez eta esparru askotara iristea eskatzen zaigunez, ez ote diren lanketa, hausnarketa garrantzitsu eta BEHARREZKO guzti hauek bigarren plano batean geratuko. Halako birdefinitze prozesu inportante batek dedikazio handia eskatzen du, ordu dezente. Eta guk, ez ditugu.

  -Nerabeekin lan egitean betaurreko moreek min ematen al dute?

Min, bai. Baina ohartu gaitezen, nerabeek, inguruan ikusten dutena barneratzen dutela, izaeran txertatu eta ondoren, jarrera gisan kanporatzen dutela. Hau da, nerabe batek aurretik bizkarrean ekarri ahal duen motxilari (sexu-genero sistemak ezarritako rol, arau eta estereotipoz josia egongo denari) batu behar diogu daukan adinagatik, sozializatzeko gune, baliabide, mezu edo tresna berriak izango dituela eskura. Eta kontutan hartuta, nerabezaroan ematen dela nortasunaren heldutasuna eta norberaren identitatearen eraikuntza, honekin aurkituko gara: aurrez zituen kodeak zalantzan jartzen hasiko den (helduekiko anbibalentzia harremanagatik) eta kanpotik jasoko dituen kode berriei arreta jarriko dien nerabe batekin.

Bada, prozesu guzti horretan ez badago pertsona bat zeina gaztearentzako erreferente izan ahal dena, eta era berean, filtro egokiak eraikitzen lagunduko diona, identitatearen eraikuntza horretan kaltegarriak izan daitezkeen mezuak jaso ahalko ditu. Kaltegarriak bere buruarentzat eta ondorioz, bere inguruarentzat. Eta horrek ematen dit min. Batetik, nerabeentzat gertukoak diren erreferente helduek (lagun, familia-kide, hezitzaile, irakasleek…) igorritako mezu sexistek eta bestetik, gazteek kontsumitzen duten egungo “kanpo” erreferente askok (iragarkien bidez, musika bidez …)  balio eta mezu zalantzagarriak bidaltzen dituztela ikuspegi hezkidetzaile batetik.

-Tratu onen aldeko apustua aldarrikatzen duzu egitasmo ezberdinetan. Zer da hau?

Askotan entzuten dugu gure artean bortxakeria eta tratu txarren aurkako salaketa. Eta hori egiten jarraitu beharra dago dudarik gabe. Baina, ezin dugu ahaztu tratu onak bultzatzea ere badela modu bat tratu txarrak salatu eta saihesteko.

Azken finean, tratu onak sustatuz, tratu txarren aurkako salaketaren mezua positibizatzen dugu eta nire ustez, mezua eraginkorragoa bilakatzen da. Zergatik? Tratu onen kontu honek guztiok biltzen gaituelako, guztioi dagokigun ardura delako geure burua zein aldemenekoarena errespetuz tratatzea. Hau da, gure ezaugarri propioak eta ondokoarenak baloratzea eta pertsona gisan aitortzen zaizkigun eskubideak aintzat hartzea. Horrela, elkar ondo tratatuz, onura handiak lortuko dugu denok. Ematen duenak zein hartzen duenak.

Gainera, denok merezi dugu ondo tratatuak izatea. Denok behar dugu ondo tratatuak izan!524170_2336895597106_1477956934_n