Kaixo,

Txatxilipurdik, Arrasateko familia guztiei mezu hau helarazi nahi die:

Covid-19ak eragindako ezohiko egoera hau maiatzaren 25era arte heldu da, eta argi dago ezohiko egoera honekin ere udaldian jarraituko dugula. Ate joka dauzkagu jolaserako, olgetarako, lagunekin egoteko, sortzeko, kaleak hartzeko, naturara hurbiltzeko, euskaraz aritzeko … hain baliagarriak diren udalekuak.

Txatxilipurdi elkartean, hilabete eta erdi daramagu aurtengo udaldia dela eta udalekuak birsortu nahian, osasun agintariek diotenari adi eta familien kezkak eta galderak erantzuten. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere harremanetan izan gara, Oinherrin gaia landu dugu eta Euskal Herriko aisialdi talde ezberdinekin saretu gara, sektore honetan lan egiten dugunon artean, bizi izan dugun desinformazioari eta ziurgabetasun egoerari aurre egiteko. Hala ere, ez da nahikoa izan.

Bidegurutze batean aurkitzen gara eta erabaki bat hartu behar izan dugu. Kezka eta ardura handiz hartutako erabakia izan dela ezin uka. Txatxilipurdik, aurtengo udaldira begirako udaleku itxiak bertan behera utziko ditu eta baita Txatxilipurdik Arrasaten antolatzen dituen udaleku irekiak ere, gaur gaurkoz ez baitugu horiek gauzatzeko bermerik.

Elkartea kontziente da udaleku itxiak eta Arrasateko udaleku irekiak bertan behera uzteak ekar ditzakeen ondorioez. Txatxilipurdiko udalekuetan parte hartzeko izena eman duten haur eta nerabe guztiak, aisialdi hezitzaile euskaldun batean parte hartzeko aukera gabe geratuko dira. Eta, kontziente gara ere, halako egoera berdintsu batean egon daitezkeela Arrasateko beste hainbat haur eta nerabe ere, beste elkarte batzuetatik antolatzen diren udalekuak bertan behera geratu baitira.

Jakitun gara baita, aurten, inoiz baino behar handiagoa dagoela udaldian aisialdi hezitzaile batez gozatzeko, konfinamenduak gogor kolpatu baititu haurrak, nerabeak eta euskara bera ere. Asko eta asko akonpainamendu beharrean egongo dira (emozionalki, afektiboki, sozialki) eta beraien berdinkideekin, helduen begiradatik aldenduta, bizipenak bizitzeko egarriz egongo dira. Eta ez ditugu ahaztu nahi ere guraso edo tutore legalak, kontziliazio familiar-laborala egiteko behar handia izango duten horiek.

Guzti honetaz jabetuta, Txatxilipurdi elkarteak Arrasateko udalari honen berri eman dio eta baita lankidetzarako prestutasuna azaldu ere. Elkarteak berak honen ardura zentrala hartu barik, ardura hori kolektibizatu eta aurtengo udaldira egokitutako aisialdi eskaintza publiko bat elkarlanean diseinatzeko. Txatxilipurdik horretarako aukerak ikusten ditu. Urte osoan zehar elkarlanean kudeatzen diren ludoteka eta gaztetxoko zerbitzuak indartuz herri mailan sor daitezkeen beharrak asetzeko saiakera egin baitaiteke. Era berean, Txatxilipurdik, Arrasateko hezkuntza komunitateari eta familiei ere eskua luzatzen die egoera honetan lan saretu bat egiteko.

Amaitzeko, Txatxilipurdik eskerrak eman nahi die orain arte aurtengo udalekuetan sinetsi duten familia guztiei, eta jakinarazi nahi die ezinezko egin zaiola elkarteari erabaki hau lehenago hartzea azken unera arte udalekuak gauzatzeko borrokan ibili baita.

Denok batera, elkarlanean, egoera honi aurre egin diezaiokegu. Ia ba uztailean Arrasateko kale eta berdeguneetan elkar ikusten dugun.

Besarkada bero bana!

Txatxilipurdi Elkartea

Arrasaten, 2020ko maiatzaren 25ean