Kaixo herritar!

Jakin duzuen bezala aurten Txatxilipurdiko udaleku irekietako izen ematean plaza mugatuak jarri behar izan ditugu. Honen arrazoiak gure eskutatik kanpo geratzen diren baldintzen ondorioz ezarritakoak dira. Hau da, egungo egoerak ekarri dituen baldintzetako bat ratioen jaitsiera izanik, udalekuak zeharo garestitu dira.  Gainera, ratio jaitsiera pasa den urteko ekaineko dekretutik ateratako datua da. Aisialdiak egoera honetan, beste sektore batzuekin batera, azkenetarikoa izaten jarraitzen du, ia informazio gabe geratuz. Ez dakigu hemendik eta uztailera bitartean dekretu berririk irtengo den edo berdinetan jarraituko dugun. Horregatik, itxaron zerrenda osatzea erabaki dugu, ratioak igotzekotan taldeak handituko genituelako. Dena den, hau ez dago gure esku eta honekin, esan bezala, aisialdiak gizartean duen balio eza islatuta geratzen da.

Horregatik, eta irabazi asmorik gabeko euskara elkartea izanik, ezin izan ditugu nahi beste haur jaso, horrek hezitzaile mordoxka bat kontratatzea eskatuko lukeelako. Udalekuen prezioak mantendu ditugu justuena dela uste dugulako, eta honek galera ekonomikoak izatera eramango gaituela ere adieraztea nahiko genuke. Dena den, aisialdi hezitzailean sinesten dugu, eta agintariek debekatu ezean, haurrengan eragiten jarraituko dugula argi daukagu.

Bestalde, apirilaren 19an bizitakoa ere partekatu nahiko genuke zuokin. Izen ematea goizeko 9:00tan zabaldu eta 20 minututan talde asko bete egin ziren. Familien ezinegona oso handia izan zen eta telefono deiak amai ezinak izan ziren. Denen zalantzak, ardurak, haserreak… eustea egokitu zitzaigun eta espero dugu inor erantzun gabe utzi ez izana. Ez zen bat ere erraza izan guretzako hainbeste haur udalekurik gabe uztea, ez baita Txatxilipurdiren nahia, ezta lan egiteko era ere.

Gauzak honela, badakigu honek ez duela kanpoan geratu zareten familion kezka, ardura eta uztaileko kontzilioa konpontzen. Are gutxiago udaleku gabe geratuko diren haurren aisialdirako eskubide, gogo eta ilusioak betetzen ere. Baina, egoera honetan gure esku dagoen guztia egin dugula azpimarratzea gustatuko litzaiguke. Arrasateko Udala ere jakitun da udako aisialdira begira  haur eta nerabeen beharrak erantzun gabe geratzen direla. Gure aldetik, ezin dugu momentu honetan gehiago asumitu. Oraingo dekretuarekin ekonomikoki sostengaezina egiten baitzaigu haur gehiago hartzea. Hala ere, elkarlanerako prest gaude, administrazio publikoarekin batera gaia aztertu eta Arrasaten dagoen beharrari erantzuteko. 

Besterik gabe, eskerrik asko beste behin Txatxilipurdi Elkartean sinesteagatik. Gure aldetik, gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu.

Txatxilipurdi Elkartea                                                                      

Arrasaten, 2021eko apirilaren 28an