Kaixo herrikide,

Txatxilipurditik, Covid-19ak sortutako ez ohiko egoera dela eta, maiatzaren 25eko egunez plazaratu genuen adierazpeneko ideia nagusiei erreferentzia eginez hasi nahi genuke gaurkoan:

- Hilabete eta erdiz Udalekuak aurrera ateratzeko nahiari konbentzimenduz eutsi, alternatibak bilatu eta aisialdi/hezkuntza sare ezberdinetan informazioa batzen saiatu arren, erakundeen aldetik ez genuen aurtengo udaldian Udalekuak aurrera eramateko irizpide argirik jaso inongo momentuan. Egoera horretan, elkarteak hasierako asmoari eusteko nahikoa berme ez zuelako, Arrasaten antolatzen duen udaleku ireki zein itxiak bertan behera uztea erabaki zuen.

- Elkartea jakitun da inoiz baino behar handiagoa dagoela aurtengo udaldian euskarazko aisialdi hezitzaile batez gozatzeko, konfinamenduak gogor kolpatu baititu haurrak, nerabeak eta baita, euskara ere.

- Hori horrela, egungo egoeran, Txatxilipurdik berak, udalekuen ardura zentrala bere gain bakarrik hartu gabe, ardura hori kolektibizatu eta aurtengo udaldira egokitutako aisialdi eskaintza publiko bat lankidetzan diseinatzeko eskua luzatu zion Arrasateko Udalari.

- Mahai gaineratutako proposamena honako hauxe izan zen: irailetik ekainera bitartean Txatxilipurdik kudeatzen dituen Udal ludoteka eta gaztetxoko zerbitzuak indartuz herri mailan sor daitezkeen beharrak asetzea uztail osoan zehar.

Hiru aste pasa ondoren, eta Udalarekin hainbat aldiz bildu ostean, egoera ondorengoa da: Udalak, ezezkoa eman dio Txatxilipurdik aurkeztutako proposamenaren osotasunari soilik nerabeen Udaixe programa indartzeko eskaintza onartuz. Eta ez du lankidetzarako beste aukera batzuk aztertzeko asmorik erakutsi. Hau da, ez litzaieke modu integralean adin tarte guztiei aisialdi hezitzaile euskalduna eskaini, 3-12 urte bitarteko haurrak eskaintzatik kanpo geratuko liratekeelako.

Hau horrela, Txatxilipurdi Elkarteko kideok hutsune horri arduraz eutsi eta uztailean zehar herriko haurrei zuzendutako eskaintza luzatzeko asmoa dugula adierazi nahi dugu. Berau, ez da ohiko udaleku formatuan izango, eta ez dio kontziliazio familiar-laboralari erantzungo, bai aldiz herriko haur, nerabe eta euskarak berak behar duten babesari. Gaur egun dauden irizpideak eta gelditzen den denbora kontutan hartuta, haur eta familia guztiei irekia, lan profesionalean oinarritua, komunitarioa eta herrigintzatik bultzatua izango den proposamena luzatuko diogu herriari.

Planteamendu hau garapen prozesuan dago gaur gaurkoz, ondorioz, ezin dezakegu informazio zehatzik eman, hala ere, jakin hobekien egiten dakigun hori sortzera goazela: gozatu, gozarazi eta euskaraz hezi!

Laster arte,

Txatxilipurdi Elkartea Arrasaten,

2020ko ekainaren 12an