COVID 19 testuinguruak, jendarte gisan dauzkagun errutina, arau zein kodigoak errotik eraldatu dizkigu. Ondorioz, egokitzapen prozesu kolektibo batean barne bildurik gaudela esan genezake, non momentuz nahikoa lan dugun errealitate berria onartu eta honi, neurria hartzen.

Ez ohiko egoera honetan, natur guneek balio erantsi berezia eskuratu dute, gure askatasun zein aisialdiaren babesgune nagusi bilakatuz. Horren adierazle argiak dira, azken aste-bukaeratan mendi inguruetan batu izan diren jende multzoak (herrietako tontorretan, Arantzazun, Araotzen, Urkiolan …), inoiz ikusi gabeko irudiak.

Hau horrela izanik, LEK, Besaide Mendi Elkartea, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanblada eta Txatxilipurdi Elkartetik, eremu hauekiko dugun hartu emana berreskuratzen jarraitzeko mezua zabaldu nahiko genuke beti ere, espazioa hauen balio, begirune zein zaintzari garrantzia emanaz.

Egoera hau izanik, aurten ere ekimenari eusteko premia berezia sumatu dugu eta ondorioz, badira jada aste batzuk 6. edizioaren prestaketa lanetan murgildurik gabiltzala. Jarrain, aurtengo proposamenaren xehetasunak:

Aurtengo edizioan natura, jolasa, sormena eta artea uztartuko ditugu. Horretarako, maiatzaren 14an, erronka bat zabalduko dugu herrira non, honen bitartez, “ZER DA ZURETZAKO NATURAN JOLASTEA?” galderari erantzuten saiatuko beharko garen sormena, artea eta material anitzak baliatuz.

Bi aste geroago, maiatzaren 29an zehazki, Naturan Jolasean eguna burutuko dugu eta Arrasatearrak familian, lagunartean edo eta bakarka beraien arte lanak, SantaBarba Azpiko natur eremura (Arimazubi gunearen parean) ekartzera animatuko ditugu, bertan jarriko dugun zuhaitz zintzilikarian lanak eskegi eta erakusketa kolektibo bat osatuz. Lan honetarako, POOK artista elkarteko kideen bide-laguntza izango dugu.  Horrez gain, parte hartzea sustatzeko, animatzen diren herritarren arten, hiru Berdean Hezi OTAR zozketatuko ditugu Olgetan jostailu dendak luzatuta.

Egunean bertan bestelako ekintza batzuk ere burutuko ditugu eremu beraren bueltan. Hala nola, goizean zehar Udalako Ingurumen Eskolako zein Guraso.eus proiektuko lagunekin batera, ibilbide gidatua egingo dugu inguruko flora ezagutzeko asmoz. Bestetik, arratsaldean “mural-collage” erraldoi bat osatuko dugu auzolanean eta egunarekin amaitzeko, ekitalditxoa izango da hitzartze, zozketa zein talde argazkiarekin.

NJ_kartela_web

Jarraian, egitarau zehatza:

  • 11:00 – Erakusketa kolektiboa martxan jarriko dugu.
  • 11:30 – KaleNATURA ibilbide gidatua (Maiatzak 1 plazatik abiatuta).
  • 16:00 – “Mural-collage” erraldoia estilo libre-espontaneoan.
  • 18:00 – Naturan Jolasean ekitaldia.

Azkenik, ondorengo oharrak azpimarratu nahiko genituzke:

  • Eguzki zein euri, ekimenak aurrera egingo du eta toki berean mantenduko da, SantaBarbara Azpin.
  • Deialdia adin tarte guztietara dago zabalik.
  • Indarrean dauden babes neurriak direla eta, derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea, talde txikitan aritzea eta azkenik, asistentzia neurtze aldera, jarraian luzatzen dizuegun galdetegia betetzea: https://labur.eus/naturanjolasean_izenematea
  •  Arte lanen sormena errazte aldera, eredu ezberdinak barne biltzen dituen ikus-entzunezko bat egin dugu 


 

Animatu gurekin batera, NATURAZ GOZATZERA!