Badira hilabete batzuk, Markinako hainbat eragilerekin batera bertako nerabeen aisialdia berramesten jarri ginela. Jarraian datozen bi faktoreak, izan dira prozesu honen ardatz nagusiak:

1.- Herri proiektu bat den heinean, herriko sentsibilitate guztiak biltzen zituen elkarlan sare bat eratzea.

2.- Prozesu guzti hau nerabeak erdigunean jarrita eta ahal den heinean nerabeekin diseinatua izatea.

Gauzak horrela, urte hasieran ekin genion elkarlan sarearen eratze prozesuari. Udaletxeko EH Bildu-k, EAJ-k, herriko hiru guraso batzordeek, XAT-ek eta Txatxilipurdik osaturiko mahaia izan zen prozesuaren emaitza, Txatxilipurdik aholkularitza lanak egin dituelarik.

Behin mahaia  egonkortuta, bigarren erronkari ekin genion. Horretarako, fokua  herriko nerabe guztiengan jarri eta beraiekin batera, Markinak egun duen aisialdiaren diagnosia egin eta berau aberasteko proposamenak jaso genituen. Ariketa hau goiz batean egin genuen eta bertan, hamaika ideia berritzaile plazaratzeko gai izan zirela esan beharra dago. Behin proposamen guztiak batuta eta hauen inguruan hausnartzeko tarte bat hartu ostean, bozketari ekin zioten.

Hautestontziek argi hitz egin zuten eta orain bertatik ateratako mandatuari ahalik eta erantzun osatuena ematean jarri beharko ditugu guztion indar zein gogoak.

WhatsApp Image 2018-10-09 at 12.52.19