Guraso.eus eta Txatxilipurdi elkartetik auzo, herri eta hirietako natura ezagutu eta izendatzera gonbidatu nahi zaituztegu. Oraingoan, Kataluniako Collectiu Eixarcolant-en #CiutatSilvestres kanpainan ispiratuta, KaleNatura ekimena antolatu dugu.

Ekimen honen  bitartez auzo, herri eta hiri barruko biodibertsitatearen garrantzia aldarrikatu nahi dugu. Azken hamarkadetako herri ereduak natur gune zirenak porlanarekin tapatu edo landareak moztera eraman gaitu. Hala ere, naturak, gizakion basakeria guztien gainetik, lekurik zailenetan ere bere bidea egiten du. Ekimen honekin, etxe inguruetan dauden landare basatiak ezagutu nahi ditugu, kale bazterrean, paretetako arrakaletan, etxe azpiko lorategian, auzoko parkean… eta horiek izendatzera gonbidatzen zaituztegu.

Beraz, gure ingurune urbanoetan ditugun landareak ezagutarazteko dinamika abiatu nahi dugu, esperientzia honetara haurrak, nerabeak, gazteak, helduak zein aiton-amonak gonbidatuz.

Udaberriarekin batera indartsu ari da ernaltzen landaredia gure bazterretan, guztioi ematen digu barne indarra ingurune koloretsu eta berdeek. Guztiok jolastu izan dugu landarediarekin, haurrak irudimenez aritzen dira belar artean jostari, harriduraz begiratzen diote landareen ernalketari, ilusioz betetako lora sortak osatzen dituzte, gozatu egiten dute belardian txatxilipurdi egiten. Ekimen txiki honekin, haurrek zein helduek gure ingurunean garai honetan aurkitu dezakegun landarediari arreta jartzea, identifikatzea, izendatzea eta jolastea proposatu nahi dugu.

  • Zer bilatzen dugu? Kaleko natura aurkitu, identifikatu eta izendatuko duten herritarrak
  • Nola hartu dezakezue parte? Auzo, herri edo hirietako kaleetan aurkitzen duzuen landaredia identifikatu, klariona edo paper batekin izendatu, argazkia atera eta bide hauetatik gurekin partekatuz:
    • Whatsapp eta Telegram sareen bitartez 688807879 telefono zenbakian
    • Emailez txatxilipurdi@txatxilipurdi.eus helbidean
    • Argazkiarekin batera parte hartzailearen izen abizen eta telefono zenbakia bidali beharko da, eta nahi izanez gero landarearen kokalekua, modu honetara beste batzuk ere kokaleku horretara hurbiltzeko aukera izango dute.
  • Kontutan izan! Argazkietan  adingabeak zein helduak ateratzen badira, parte hartzearekin batera onartuko duzula irudiak  Txatxilipurdi eta guraso.eus eko sareetan zein webgunean argitaratzea.
  • Nork hartu dezake parte? Arakatzeko eta jolasteko gogoa duen edozein pertsonak.
  • Noiz dago ekimena martxan? Maiatzaren 1etik 31ra jasoko ditugu argazkiak. Ondoren, parte hartzaile guztien artean Txatxilipurdiko produktuen lote bat zozketatuko da.

KaleNATURA!