Zer da Jostailu truke?

Etxean ditugun eta erabiltzen ez ditugun jostailu pila, beste erabilgarriagoengatik trukatzeko aukera.
Gabonetarako jostailu berriak lortzeko aproposa zentimorik gastatu gabe, gustukoena aukeratuaz eta berrerabilpena sustatuz. Trukearen balioari garrantzia emanez, kontsumoa murriztuz eta erraztasun guztiekin

Urtero Gabon garaian egiten dugun bezala, aurten ere Jostailu Truke Merkatua antolatuko dugu eta lehenengo jostailu bilketa eguna datorren larunbatean, azaroak 15, egitea pentsatu dugu Azokan, bertan egongo baita hilero egiten den Elkar truke Ekimena.

Beraien egitasmoarekin bat eginik, jostailuak jasoko ditugu goizeko 11:30tatik 13:00ak bitartean. Jostailuen truke, txartelak banatuko ditugu eta Abenduaren 13an txartel hauen truke, beste jostailu batzuk jasotzeko aukera egongo da.

 

Larunbat honetan hasiko garen arren, beste egun batzuk ere izango dira aukeran jostailuak jasotzeko, gune ezberdinetan eta arratsaldez jasoko ditugu beste egun hauetan 17:30etatik 19:00etara bitartean. Hurrengo egunetako data eta guneak hauek dira:

 

EGUNA

GUNEA

Azaroak 26

Arimazuri plazan

Azaroak 27

SªMarinako ludotekan

Azaroak 28

Herriko plazan

Abenduak 3

San Antolingo parkean

Abenduak4

Usaetxeko ludotekan

Abenduak10

SªMarinako ludotekan

Abenduak 11

Okendoko ludotekan

Abenduak 12

Arimazuri plazan

 

Esan bezala truke eguna, Abenduaren 13an izango da Azoka plazan goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean. Egun honetan ez da jostailurik jasoko, trukea bakarrik egingo da eta trukea egin ahal izateko, txartelak izan beharko dira, hau da ez da jostailua jostailuaren truke egingo. Momentuan jostailuak egoera onean eta osorik daudela begiratzeko denborarik ez dugula, izaten da honen arrazoia.

Iaz egin genuen bezala azken orduan ( 12:00etatik 13:00etara) gelditzen diren jostailuak ( soberan gelditzen badira ), Arrasaten beharra dutenen artean banatuko ditugu. Bakoitzak jostailu bat hartzeko aukera izango du, izan ere, sarri soberan gelditzen direnak haur txikotxoenen jostailuak izaten baitira eta guraso berriek ez baitute izaten trukea egiteko aukerarik. Dena den, guraso berri ez direnak eta beharra dutenentzat ere izango dira jostailuak.

 

Aipatu baita ere, sexu bereizketa edo indarkeriaren aldeko jarrera erakusten duten jostailuak ez ditugula onartuko.

 

Etxean ditugun jostailuak aurreikusi, aztertu eta zerk balio digun, zer ez dugun erabiltzen eta trukatzea merezi duen jakiteko ordua iritsi da.

Gustatzen ez zaigulako, ez dugulako asmatu nola jolasten den, txiki gelditu zaigulako, jende asko behar delako jolasteko dugun jolas mota honetan eta etxean laguntzarik ez dugulako edo bakarrik jolasten garelako,…arrazoiak mila izan daitezke eta hau konpontzeko bidea eskaintzen digu Jostailu Truke Merkatuak.

Beraz, ez utzi azken egunerako eta eguraldi txarra aprobetxatuz, eman buelta pare bat etxeko jostailuei.

KARTELA 2014 txiki