2020an burutuko den Euskaraldiari begira, Geikek lehen herri batzarra deitu du datorren asteazkena urriaren 30erako 18:30etan, Kulturaten.

Atzo burutu zuten Geikekoek prentsaurrekoa, Euskararen plazan izan zen. Hemen, agerraldian azaldutakoa:

“Arrasateko euskalgintza batzen duen GEIKE eta bestelako herritar batzuk bildu gara hemen Arrasateko herriari dei eta proposamen zehatza egiteko; hau da, hurrengo urterako Euskaraldi mundiala elkarrekin antolatzea.

Aurreko urtean Euskaraldiaren lehenengo ekitaldia burutu genuen eta Arrasatearrok portatu ginela ezin da ukatu. 3000 inguru Ahobizi eta Belarriprest elkarrekin 10 egunez euskara praktikatzeko ekimena izan zen, ohiturak aldatzeko eta euskaldunak bisualizatzeko ariketa handia eta pozgarria. Horrekin batera dozenaka jaialdi, ekimen, mezu, jolas eta abar, elkarrekin eta euskaraz. Askoren ohitura aldatu eta euskararen erabileran pauso handia eman genuen.

Hortik gatoz eta , herritarrok emandako balorazioetatik eta azaldu duten gogotik abiatuta, GEIKEk argi dauka Arrasateko herritarrok eta eragileok bigarren ekitaldirako pausua egiteko aukera ezin hobea dugula. Hori horrela dela erabakitzeko eta antolaketa adosteko, baina, herritar eta eragileak deitzen ditugu datorren astean, urriaren 30ean arratsaldeko 6,30etan egingo den HERRI BATZARRERA, herritarrok erabakitzea delako gure ustez aukerarik egokiena.

Herri batzarrean aurreko ekitaldian lortutakoa ikusteko aukera izango dugu eta, horrekin batera, bigarren honetan norbanakoengana iristeko asmoaz gain, entitateengana ere iristeko helburua dago. Oraingo honetan banaka eta taldeka ere konpromisoak hartu eta euskaraz 15 egunez bizitzeko aukerak zabaltzeko plana dago, pausu bikoitza.

Hori guztia entzun ondoren, Arrasaten egin daitekeena edo egin nahi genukeena azalduko dugu. Zirriborroa da, guztiz irekia aldaketak egiteko, eta batzarrean bertan erabakiko da egingarri ikusten den eta, herri gisa parte hartuko dugun. Nola ez, denon artean egindako dinamika parte hartzailearekin, ERABAKIko dugu zer egin eta nola, nolako antolaketa behar den, zein baliabide eta pertsona… Hortaz, horretarako da HERRI BATZARRA, zertarako asmoa dagoen ikusteko, parte hartzeko erabakia hartzeko eta horrela bada, antolaketa eta dinamikak denon artean adosteko eta osatzeko.

Badakigu Arrasaten euskaraz bizitzeko herri gogoa dagoela, eta Kulturaten ehundaka entitate, egarile eta pertsona bildu nahi genuke, Euskaraldia eta euskararen normalizazioa denon erronka delako”.