Azkenengo bi asteetan udaberrian Gasteizko Alde Zaharrean egindako parte hartze prozesuaren nondik norakoen eta bertatik irtendako ideia proiektuaren aurkezpenak egin ditugu.

Alde Zaharreko guraso talde baten ekimenez, auzoko hiru gune eraldatzeko proiektua da Hauren Auzoa: Martin Ttipia, Etxanobe parkea eta Rafa plaza.

Urriaren 19an Ramon Bajo ikastetxera hurbildu ginen Haurren Auzoa proiektuan murgilduta ibili garen eragileak (sustatzaileak Gasteizko Alde Zaharreko familiak eta bidelagunak NONDIK arkitektura estudioa eta Txatxilipurdi elkartea). Haurrei aurkeztu genien beraiekin egindako parte hartze prozesutik zein emaitza atera genituen eta zein txosten aurkeztu zaion Gasteizko Udalari.

Orokorrean haurrek pozik hartu zuten proposamena. Beraiek parte hartze prozesuko tailerretan proposatutako ideiak barnebiltzen zituela azaldu zuten eta guzti hori noiz eta nola egingo den izan zen beraien kezka nagusia.

Urriaren 25ean berriz, Alde Zaharreko eragileei eta auzotarrei zabaldutako aurkezpena egin genuen Oihanederren. Gela auzokidez bete zen eta feedback oso positiboa jaso genuen bertaratutakoengandik.

Orain, auzoan egindako lana eta auzoarekin osatutako ideia proiektua Udalarekin ondo lantzea eta egikaritzen hastea gelditzen da.

Ea Gasteizko Alde Zaharra Haurren Auzoa izateko norabidean urratsak ematen jarraitzn dugun!

DqX6iZoXQAEeWwk