Antzinatik, gizakiak hildakoak gurtu izan ditu eta tradizio zein erritu horiek gaur egun arte izan dira nagusi. Gure arbasoen ohiturak aztertuz gero, hildakoen arimak gogoratu eta adoratzen zituzten jai pagano batekin topo egingo dugu. Beranduxeago, kristautasunaren sorrera eta indarraren poderioz, jai pagano izatetik, egutegian txertatutako Santu guztien jai egun bezala bilakatu da. Aipatzen diren tradizio hauek, Gau beltza edo Arimen gaua izenez ezagutzen dira, hauek, gau berezi batean oinarritzen zirelarik.

Gau beltza edo Arimen gaua, udaren amaiera eta neguko hotzaren hasiera markatzen zuen aldi bat zen, gaueko bi errealitate; ikusezina eta ikusgarria bateratzen zen gau bat hain zuzen ere. Garai hau, urriaren 31a eta azaroaren 1a bitarteko gau horren baitan gertatzen zen, herritarrek, beraien baratzeko kalabaza edota erbiak batu, itxuraldatu eta kale bazterretan edota etxeko leihotan kandela batekin ezartzen zutenean. Kandelen argi xume horietan, inguruko arimak islatzen zirela ere esaten zen. Horrez gain, kaleetan argiztapenik ez zegoenez, menditik jaisten ziren artzainak etxerako bidea argiztatuta izan zezaten ere jartzen zuten.

Hori gutxi balitz, etxeetako txiki eta gazteek,  sustoak emateko asmoz, etxean zituzten trapu zaharrak atera, gainean jantzi, aurpegia estali eta kalera ateratzen ziren Kukumarroz (txorimaloz) jantzirik. Etxez etxe eskean joateko ohitura ere bazegoen.

Ttak! (AED), Ekin Emakumeak eta Txatxilipurdi elkarteko kideok, gure herria ospakizun horretan murgiltzea eta pixkanaka indarra hartzen joatea nahi dugunez, Arrasateko herritarroi gurekin batera jai honen parte izatera deitzen zaituztegu.

Horretarako, irailaren 30ean lehen bilera burutuko dugu Gaba baltza antolatzen hasteko, eta horretara batzeko gonbidapena luzatzen dizuegu. Zuen parte hartzea baieztatzea gustatuko litzaiguke, horretarako, 635753465 telefonora edo eskaintzak@txatxilipurdi.eus helbidera deitu edo idatzi eta zuen izen abizenak eta parte hartuko duzuen kopurua adieraztea gustatuko litzaiguke.

Jaso besarkada bat,

Ttak, Ekin emakumeak eta Txatxilipurdi elkartea.

 

*OHARRA: Bilerara etortzerakoan Gaba Beltzan zer eskaini edota zer egitea gustatuko litzaizuekeen pentsatuta ekarri beharko duzue. Dena den, ezin baduzu bileretara etorri eta zure burua gaba beltzan parte hartzen ikusten baduzu, jarri gurekin harremanetan eta kontaktuan egongo gara.