Atzo, martxoak 11, Eibarren egin zen  Euskararen trasmisioari buruzko  X. mintegian izan ginen.

Gai ezberdinak landu ziren mahai inguru edo solasaldi formatuan.

1.- Jaime Altunak gidatua “ Transmizioa eta sozializazioa, zertaz ari gara?” gaia jarriaz, Paula Kasares soziolinguista eta Jone Miren Hernandez antropologoa aritu zirten tertulian. Transmisio sozialaren garrantzia goraipatu zuten (komunitate osoak duela eragina: ikastetxe, familia, lagun arte …). Goitik behera, behetik gora eta horizontalean egiten da transmisioa.

2.- Urtxintxa eskolako Maite Asensiok “ Euskararen rola gazteen bizitzan” gaia jorratu zuen Jokin Uranga UEMAko hezkuntza arduradunarekin eta Ane Pedruzo  EuskarAbenturakoaz. Euskal abenturara doazenak kontzientzia minimo bat izaten dutela zioten, aldiz euskara natural erabiltzen duten gazteek inertziaz egiten dutela euskara eta askotan kontzientzia gabe. Hizkuntza tresna bezala erabiltzen omen dute baina gustuko gauzak egiteko beste hizkuntza batetara jotzeko joera dutela. Euskaraz kontsumitu dezaten produktuak sortu beharra dagoela zioten. Beste hizkuntzetan egiten duten guztia euskaraz egin dezatela bideratu beharra, aisialdian kultur eskaintza asko zabalduz. Bakoitzaren ahalegina saritu eta txalotzea gaitasunen arabera garrantzitsua ikusten dute Euskal Abenturan, askok esfortzu handia egiten dutelako euskaraz aritzeko.

3.-Arrate Gisasolak “ Euskaldun berriak: noiz arte berri!” jarri zien gaia Esti Amorrortu (filologo eta linguista), Edorta Lopez Rey (Praktikatu zerbitzuko koordinatzailea, AEK)eta Pello Jauregiri (Hezkuntza zientziak EHU. Aldahitz egitasmoaren zuzendaria). Euskaldun berri eta euskaldun zahar etiketak direla diote. Batzuentzat karga negatiboa izaten dutenak eta besteentzat positiboa. Errealitateak askotarikoak dira eta hiztun mota asko daude hizkuntza guztietan. Erabileraren gaitasuna da aldatzen joango dena. Euskaldun berria erabilera terminoetan erabili beharko litzatekeela zioten.

IMG_20200311_104759

4.- Miren Arangurenek “Migrazioen aukerak” gaitzat jarrita Petra Elser banaiz bagara elkarteko zuzendariarekin eta Gorka Moreno EHU eta ikuspegi-Euskal Inmigrazioaren Behatokiko ikertzailearekin egin zuen solasaldia. Gorkak fokoa bigarren belaunaldian jarri beharko genukeela zioen, gurasoengan sentsibilizazio kanpainan inbertituz. Petrak berriz, helduak lan mundurako prestatu beharko genituzkeela  benetako tresnak eta aukerak eskainiaz.

5.- Estitxu Garaik “ euskararen marka eta herrigintza”-ren inguruan hitz egitera bideratu zituen Jon Maia bertsolaria, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” eta Zaloa Urain musikari eta idazlea. Euskararen marka esatean, euskara entzun eta zer asoziazio edo zein konexio datorkien burura azaltzeko eskatu zien. Joxe Marik eta Zaloak euskararen alde positiboa azaldu zuten, Jon Maiak berriz negatibotik bideratu zuen: Euskal herriko 3/4a bertakoa izanik euskara jakin gabe bizi direla, nerabezaroan inposatutako hizkuntza bezala ikusten dutela, leku oso konkretuetan hitz egiten den hizkuntza dela…  Elkar ezagutza prozesua egin beharko litzatekeela zioen guzti hau aldatu ahal izateko. Estereotipoak, aurreiritziak, mamuak, mesfidantzak…desmontatzen baitira elkar ezagutzen hasten garenean. Joxe Marik bizipoza.eus ikustera gonbidatu gintuen denok eta Oinherriren lana goraipatu zuen. Zaloarentzat euskara bere izaeraren parte bat da bihotzean daramana. Euskarak erakargarri izan beharko lukeela guztientzat dio eta  gazteen gertuko gauzak ikustarazi beharko genituzkeela.

6.- Bukatzeko Ekhi Belar …eta kitto! Elkarteko kazetariak “ datozen urteetarako erronkak, erakundeen arteko elkarlana…” gaia jarri zien Estibaliz Alkorta ( euskara sustatzeko zuzendaria Eusko Jaurlaritzakoa), Garbiñe Mendizabal ( hizkuntza berdintasuneko zuzendaria GFA), Patxi Lejardi ( Eibarko udaleko Euskara eta kultura zinegotzia) eta Junkal Txurrukari ( Eibarko udaleko euskara teknikaria).Garbiñek bailara eta udalak batzeko elkarlana dagoela aipatu zuen, euskara teknikarien ekarpenak eta hutsuneak jasotzen direlarik. Tokian tokiko proiektuak zabaldu behar direla. Eragileak aktibatu eta saretu beharko liratekeela zioten. Erakundeen arteko harremanak eta koordinazioa sendotzea beharrezkoa ikusten dute.