Aurtengo udako aisialdialdiarekin zer?
Euskal Herriko hainbat aisialdi eragileei egindako elkarrizketak NAIZ en, tartean Txatxilipurdi Elkarteko kide den Leire San Vicenteri.

Euskal Herri osoan milaka eta milaka haur eta nerabek parte hartzen dute udalekuetan, baina aurten inork ez daki zer gertatuko den. Aisialdiko eragileek jakiteko beharra dute, ezetz edo baietz, eta zein baldintzatan, horren arabera lanean hasteko. Datorren astean agerraldi edo planteamenduren bat espero dute.

Leire San Vicente – Txatxilipurdi Elkartea

«Oso inportantea iruditzen zaigu kalea bera birkonkistatzea»

Txatxilipurdi elkarteko kidearen kezka bat bada aisialdi hezitzaileak «bigarren plano batean» gelditu direla guztiz, baita eremu horrek bere baitan daukan garrantzia soziala eta ekonomikoa ere. Haurrek aisialdirako duten eskubidea, aldiz, «hirugarren mailara» pasatu da. «Euskal Herrian eragile asko ari dira lanean eta uztailean hori guztia aktibatzen da. Milaka eta milaka haur eta gazterengana iristen gara eta hori ez da lehen lerrora ekarri. Txatxilipurdiren udalekuetan 1.400-1.500 haur izan genituen iaz, eta 200-250 lanpostu».

Azaldu duenez, Txatxilipurdiren helburua batez ere soziala da: «Haur eta nerabeei gozamenezko testuinguru batean laguntza, orientazioa, aisialdia modu osasuntsu batean bizitzeko bideak ematea. Hori agintarien kezka ez izateak barrutik mugitzen gaitu. Konfinamenduan beste behin urratu dira haur eta nerabeen eskubideak. Zuzenean eragiten dieten arloetan ez diete ezer galdetu».

Kezka mordo bat dituzte. Ez aitortze horretan, ez dute aisialdi hezitzailearen baitan marko propiorik. Hortaz, euren erreferentziazko markoa hezkuntza formala da. Beste kezka bat kronograma da. «Udalekuak antolatzeko urte osoan lan egin behar dugu. Orain zerbait aktibatzen bada hilabete edukiko dugu urte osoko lana egiteko». Euren zalantzak familia, haur eta nerabe guztiek dituzten berak dira: udalekuekin zer? «Horri gehitu behar diogu guri dagokigula udaleku horiek antolatzea, orduan imajinatu zenbat zalantza ditugun… Adibidez, gure udaleku batzuk irekiak dira, besteak itxiak. Itxiak Araba eta Gipuzkoan kokatzen ditugu eta EAEko hartzaileak ditugu. Deseskalatze honetan uztailera begira probintzien arteko mugimendua baimentzen ez bada udaleku itxiak beste modu batera egin beharko genituzke».

Udalekuetan harreman afektibo-emozionalak zutabe inportantea dira. «Nola bermatu pertsonen arteko kontaktua modu seguruan egitea? Zaila egiten zaigu elkar ukitu ezin dugun udaleku batzuk irudikatzea. Osasun neurriak nola bermatu ere zalantza dugu. Beste kezka bat da ea familien beharrak ase ahal ditugun».

Irabazi asmorik gabeko elkarte bat dira eta dirulaguntzak jaso ohi dituzte. Orain zalantza dute ea laguntzarik egonen den.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Ahalik eta ohikoenak

«Udalekuak ahalik eta erarik ohikoenean gauzatzea gustatuko litzaiguke, betiere pertsonon ongizate fisiko eta emozionala bermatuz. Hori diseinatzen gabiltza, baina desinformazio handia dago eta hipotesiak egiten gabiltza. Udalekuekin aurrera egiteko aukera ikusten dugu. Egokitu egingo ditugu, horren aldeko apustua egiten dugu, inoiz baino behar handiagoa izango dutelako haur eta nerabeek berdinekin egoteko. Kalea bera birkonkistatzea oso inportantea iruditzen zaigu. Haurrek kaleari beldurra hartu diotela sumatu dugu. Nola lagun ditzakegu ‘lasai, kalea ez da arriskutsua’ esanez, aholkularitza profesional eta hezitzaile batekin, modu ludikoan?».

Lanez lepo dabiltza, A plana, B plana, alfabetoko letra guztiekin egin behar dituzte planak, komunikatu, saretu… Amarauna eta Gaztematika sareak sostengu izaten dabiltza.

Osasun adituekin harremanetan jartzeko lehen urratsak ere egin dituzte, aholkuak jasotzeko. «Sortzen, elikatzen, kontrastatzen eta borrokatzen» ari dira udalekuak egon daitezen, «haur eta nerabeek behar eta merezi dituztelako».

Gainontzeko aisialdi eragileei egindako elkarrizketan irakurtzeko egin klik hemen